URTEKO LEHENENGO EGUZKI IZPIAK DISFRUTATZEN

Gaur 4. mailako ikasleok une berezi bat izan dugu: patiora atera gara eguzkitan irakurtzera! Urtarril osoko eurite eta hotzaren ostean, eguraldiak tregua pixka bat eman digu gaur, eta ez dugu aukera galtzen utzi. Irakurketa opari bat bezala senti dezaten noizbehinka antolatzen ditugun ekintza horietako bat izan da gaurkoa.
Azken aldian gero eta argiago ikusten dugu, eguneroko martxa zoroaren barruan, denok behar dugula tarteka gelditu eta “arnasguneak” bilatu; eta eskolak, hain zuzen, deskonektatzeko leku horietako bat izan behar du. Ziur gaude haur bati irakurtzea gustatzeko denetarik probatu behar duela, benetan zirrararik egiten dion istorio hori topatu arte, irudimena aske uzteko txoko eroso bat izanik. Pantaila aurrean pasatzen dugun denbora amaigabe horren aurrean, guk isiltasunaren, kontzentrazioaren eta irakurtzeak ematen duen plazer hutsaren alde egiten jarraituko dugu.
Hizkuntza lantzeaz edo hitz berriak ikasteaz gain, gaurkoan bake une bat eta paperezko mila abentura partekatu ditugu. Gustura gelditu gara, eta gauza bakar bat falta zaigu plana borobila izateko: hotza behingoz joatea eta udaberriko koloreak eta usainak nabaritzen hastea.



